<< Bilbo Metroz

Bilboko hiri-arkitekturan barrena

Guggenheim Museo izugarria edota Euskalduna Jauregia dira, besteak beste, hiriak bizi izan duen aldaketa handiaren erreferente nagusiak.

San Mames geltokia.

Bisita hau, nola ez,  San Mames geltokian hasiko dugu, garraioaren erdigunea den puntuan; bertan egiten dute bat, izan ere, hiriko autobus, trenbide, metro eta tranbia lineek. Metro Bilbaoren bidea berria, erosoa, segurua eta azkarra da; eta gainerako bideei lehiarik egin ez arren, sistema antolatzeko ardatz lanak egiten ditu.  Hori izan da betidanik Metro Bilbaoren helburua.  Horregatik hasiko dugu gure bisitaldia San Mames geltokian, Metroari esker autobusak, trenbideak eta tranbiak bat egitenduten puntuan.  Linealki garatzen doan metropolia geneukan, errekan gora zabalduz doana, eta itsasora begira bi adar handidituena, ibaiaren ertz bakoitzean bana.  “Y” itxurako trazadura bat zen horretarako konponbide egokia.  

Geltokiei dagokienez, kaletik gertu dagoen metro-sarea planifikatzea zen funtsezko ideia nagusia, sarbide erraz eta zuzenekin, geltoki zabalekin, zerbitzu eskuragarri guztiekin, eta ganga handiekin, pertsonak harrapatuta ez sentitzeko modukoak.  Norman Foster-ek egin zituen tunel-zuloko geltokietako diseinu eta arkitektura-lanak.  Originaltasunez, sinpletasunez eta eraginkortasunez, egin ere. Metro Bilbaoko obra ingenieritza eta arkitektura uztartzearen ondoriozko emaitza perfektua da.

Hiru dira, batik bat, eraikuntza-lanetan eta diseinu arkitektonikoan erabilitako materialak: hormigoia, altzairu herdoilgaitza eta beira.  

Bai atariak, bai mezzaninak, geltokiko sabaitik esekita daude; horrela, egitura oso arinak direla ematen du, nahiz eta erabat solido eta sendoak izan.

Sarrera-irteeretan dauden pergolak “Fosterito” izenarekin ezagutzen dira; sarbide bakoitzaren muturra errematatzen duten kristalezko bitxiak dira.  Gauetan, argi artifizialari esker, diztira egiten dute. Egunez, berriz, erdi gardenak dira, euritik babesten gaituzte, eta mantentze-lan oso txikia eskatzen dute.  Metroaren beraren sinboloak dira, erraz identifikatzeko modukoak.

Geltokitik irten eta Jesusen Bihotzaren Plazara joango gara, Sabino Arana kalean behera. Plaza eta Casilda Iturrizar parkea zeharkatuta, EuskaldunaJ auregira iritsiko gara. Eraikin oso bitxia da Euskalduna Juuregia. Federico Soriano eta Dolores Palacios arkitektoek diseinatu zuten, etengabe eraikitzen ari diren ontzia bailitzan, Euskalduna ontziola egon izan zen diketik atera nahian.  Bilboko Errekan bizi izan den metalgintza eta ontzigintza tradizioari omenaldia egiten dio, zalantzarik gabe, hamarkadetan zehar bertan kokatu izan ziren ontzigintzako enpresei alegia. .

Eraikin horrek, beraz, nostalgia dakarkie burura adinekoei. Gazteentzako, ordea, Bilbok bizi izan duen garapena islatzen duen elementurik garrantzitsuenetakoa da.  Corten altzairuarekin egindako ontzi itxurako eraikina nabarmendu beharra dago. Altzairu-mota horrek oso karbono-kopuru txikia dauka.  Horren ezaugarri nagusia zera da: gainazalean oxido-geruza mehea sortzen zaiola, konpaktua eta iragazgaintza. Modu horretara, atmosferako korrosioaren aurrean sendoagoa da.

Hemendik abiatuta, eta Abandoibarra etorbidea jarraituz, Bilbok bizi izan duen berreskuratzearen sinbolo bilakatu den ibilbide ederra egingo dugu.  Eskultura lanez lepo dagoen ibilbide berdea; Vicente Larrearen  “Dodecathlos”, Salvador Dalí-ren “la musade la danza”,  Ángel Garraza-ren"Sitios y lugares" edota Eduardo Chillidaren "Begirari"dira, besteak beste, Frank O. Gehry-ren  Guggenheim Museoa artean aurkituko ditugun lanak.

XX. mendeko abangoardiako arkitekturaren adibide bikaina da Guggenheim museoa. 24.000m2 ditu guztira, eta horietatik 11.000 erakusketak antolatzeko erabiltzen dira. Arkitekturaren eta diseinuaren maisulana da, zalantzarik gabe.

Forma bihurrituak eta kurbak dira eraikinaren ezaugarri nagusiak; elkarrekin konektaturiko bolumen-multzo batek osatzen du. Horietako batzuk ortogonalak dira, kareharriz estalitakoak; beste batzuek, berriz, bolumetria organikoagoa dute, titaniozko metalezko azal batez estalita. Azken horiek eraikinaren eremu zabalak estaltzen dituzte,“arrainaren ezkatak” bailiran.  Milimetro erdiko lodiera dute, eta itxura zimurtsua ematen dute, eraikina are erakargarriagoa bilakatuz.  Bolumen horiek beirazko errezel-hormekin bat egiten dute, eraikin osoari gardentasuna ematen diotelarik.

Laburbilduz, Gehry-ren obrak egitura ikusgarria sortu du. Eskultura izugarri horren hondoan, La Salve-ko Zubia, Erreka, Bilboko erdiguneko eraikinak eta Artxanda mendiaren mazelak ikus daitezke.  

Guggenheim museoaren sarreran, Puppy, izeneko lorezko txakur zaindaria dago. Jeff Koons-ek egindako eskultura hori Terrier arrazako 12,5 metro dituen txakur-kumea da, lorez estalita dagoena.

Mazarredo zumarkalea zeharkatu eta Iparragirre kalean aurrera eginda, San Jose Plazara helduko gara. Eskumara hartuko dugu, Colon de Larreategi kalera, eta lehenengo kalean eskuinera egin bezain laster, Errekalde zumarkaleko 34. zenbakira iritsiko gara. “Montero”  etxebizitzekin egingo dugu topo,Jean Batiste Darroquy arkitektoak 1901ean egindako eraikina.

“Art nouveau” deritzonaren adibide bikaina da Montero etxea.  Naturan oinarrituriko neorokoko estiloko fatxada diseinatu zuen Darroquy-k, landare-itxurako apaindura margotuekin eta kurbadun burdin hesiekin.  Aipatzekoak dira burdineriazko sarbideko ateak, ataria, eta eskailerako baranda. Guztiak ere apaindura modernista zoragarriz hornituta.

Donibane Lohizuneko arkitekto horren beste obra modernista zoragarri bat Bertendona kaleko 3. zenbakian dagoen  Campos Antzokia da.  Eraikinera gerturatuz gero, mugimendu horren adibiderik argienak ikusi ahalko ditugu.  Aipatzekoa da, arabiar kutsuko ferra itxurako arkua, modernismo garaiko bereizgarri den kurbadun elementu nagusia.

Gure bideari ekinez, eta Errekalde Zumarkaletik jarraituz,  “Alhóndiga Bilbao”-ra iritsiko gara.

Eraldaketa-prozesu baten ostean, Bilbo hiriko eraikinik esanguratsuenetariko moduan azaldu zaigu.  Ardo-biltegi izateko diseinatu zuen Ricardo Bastidak 1909an; gaur egun, berriz, biziz betetako aisialdi nahiz kulturarako zentro bilakatu da. Erakusketa-aretoa, kontzertuak, gorpotz-jarduerako zentroa edo irakurtzeko gunea, “Alhóndiga Bilbao”-ren eskaintza batzuk.  Ikustekoak dira eraikinaren erdialdeko atarian dauden 43 zutabeak. Lorenzo Baraldi eszenografo italiarra izan da 43 zutabe horiek aipaintzeko arduraduna; horietako bakoitzak kultura eta une historiko desberdin bat adierazten dute.  Hori horrela, egurrak txinara garamatza, terrakotak Florentziako errenazimendura, harriak barrokora, adreiluak Erdi Arora, eta altzairuak, azkenik, aro garaikidera.

 “Alhóndiga Bilbao”-tik irten eta Urkixo Zumarkalean behera, Indautxuko Metro geltokira helduko gara. Metroa hartuko dugu, Abandoko geltokiraino.

Abandoko geltokia

Abandoko geltokitik irtengo gara, Bilboko Kale Nagusiko irteeratik, hain zuzen ere, eta plaza biribilarekin egingo dugu topo aurrez aurre, erdian Diego López de Haro, Brontzez eta Ereñoko marmol harriz egindako eskultura. Diego Bizkaiko jaunak hiria sortu zeneko gutuna darama eskuan, puebla-karta izenarekin ere ezaguna.  Mariano Benlliure valentziarraren eskultura1 889koa da, eta marmolezko idulkiaren gainean 12 metro neurtzen ditu.

Puntu horretatik abiatuta, Bilboko alde zaharrean barrena murgilduko gara.  Nafarroa kalean behera  La Bilbaina bezalako eraikin bitxien aurretik igaroko gara, eta eskuinera bira eginda feve-ko geltokiko eraikina edota  La Concordia geltokiaren eraikina aurkituko ditugu. Azken horri Santanderreko geltokia ere deitzen zaio, eta 1902an eraikitako eraikin bitxia da, modernista estilokoa.  Aipagarria da fatxadan duen arrosa-leihoa, Belle Époque erakoa; merezi du hari so egitea.

Berriz ere atzera egin, eta Areatzako zubia gurutzatuko dugu. Zubi erdian gaudela, ezkerretara Areatzako parkea ikus dezakegu, Pedro Ispizuak 1928an egindako estilo arrazionalistako Kioskoarekin. Eskuinera, berriz, Arriaga Antzokia. Antzokia Bigarren inperio deritzon estilokoa da, eta Joaquin Rucobak egin zuen, 1890ean. Nabarmena da bertan Parisko operaren eragina.  Antzokia eraikitzeko orduan, lehenengo eta behin, Bidebarrieta kaleko auzotarrak konbentzitu behar izan ziren; izan ere, eraikina aurrekoa baino handiagoa izanik, kalera aire freskoa sartzea galarizko zuenaren beldur ziren, kaleko merkatariei eta ibai ertzeko moilei eragozpenak sorraraziz.  Arkitektoek orientazio berria eman behar izan zioten eraikinari.  Bost urtez obretan egon ondoren, eta lehengo milioi bat pezeta gastatu ostean, antzokia 1890eko maiatzaren 31n inauguratu zen. Ordu hartan erabilitako argi elektrikoak txundituta utzi zituen bilbotar guztiak. Anekdota gisa, obra telefono bidez jarraitzeko aukera egon zen, 15 pezetaren truke.

Arriaga antzokia ia erabat suntsitu zen 1914ean gertatutako sute baten ondorioz. Ordu arteko artxibo guztiak galdu ziren bertan.  Federico Ugalde arkitektoa arduratu zen antzokia berritzeaz. Egiteko horretan, anplitude eta segurtasun gehiago eman zizkion eraikinari.  

Arriaga antzokia inguratuz gero, eta Erriberan zehar joanda, Ceres eraikina aurkituko dugu, mesedetako zubiaren parean.  Ceres irin-fabrika zaharra arkitektura industrialak utzi digun proposamen interesgarria da; izan ere, egituran hormigoi armatua soilik erabili zuen estatu espainiarreko lehen eraikina da. 

Gure bisita hemen bukatzen bada ere, alde zaharreko kaleetan barrena ibiltzea gomendatu nahi genuke. Erriberako merkatua, San Anton eliza, Santiago Katedrala, zalantza gabe, bisitatu beharreko eraikinak dira.