<< Prentsa oharrak
2015/05/06
Teknologia eta Berrikuntza

Metro Bilbaoko 10 geltokik WIFI sarbidea dute dagoeneko

WIFI

• Gaurtik aurrera zerbitzua izango duten hiru geltoki berriak Eskuinaldean daude: Leioa, Areeta eta Algorta. • Orain arte konektatuta egon diren zazpi geltokiek, apiril honetan, 256.165 bisita izan dituzte.

Bilbo, 2015eko maiatzaren 6a

Bilboko metroan, 2014ko abenduan hasi zen wifi lotura instalatzen.  San Mameseko geltokia lehen proba pilotua izan zen, eta, ondoren, martxoaren 27an, beste sei geltoki gehitu ziren: Bilboko hiru geltoki (Alde Zaharra, Moyua eta Sarriko) eta beste hiru Ezkerraldean (Gurutzeta, Sestao eta Santurtzi).  

Wifinova enpresak emandako datuen arabera, wifira konektatzeko zerbitzua arrakasta handia izaten ari da metroko bidaiarien artean.  Horren ondorioz, apirilean 256.165 bisita izan dituzte zerbitzua eskaini duten zazpi geltokiek.

Bisita gehien jaso dituzten geltokiak San Mames, Moyua eta Alde Zaharra izan dira, bisiten %55 hain zuzen, eta jarraian Gurutzeta, Sestao, Santurtzi eta Sarriko.  Kontuan hartu behar da wifi ranking honetako lehen hirurek pertsonen joan-etorri gehien jasotzen dituzten geltokiak direla.

Gaurtik aurrera, Metroaren Eskuinaldeko bezeroek ere zerbitzu hori estreinatuko dute.  Hiru geltoki hauek gehituta, guztira hamar izango dira metroko sarean: Leioa, Areeta eta Algorta.  Horiek batuta, Wifinova enpresak kalkulatu duenez, hilean 350.000 konexio izango dira.

WIFINOVA zerbitzua instalatu duen enpresak bere gain hartu ditu ezarpen teknologikotik eratorritako kostu guztiak, eta uda aurretik 10 geltokitan instalatzeko konpromisoa bete du.  Gogorarazten dizuegu internetera konektatzea dohainik dela, datu mugikorren tarifa kontratatu beharrik gabe edo geltokien barruko operadoreen estalduraren menpe egon gabe, eguneko 15 minutuz gaitutako geltoki bakoitzean, eta zerbitzua luza daiteke asteko edo hileko ordainketa baten bidez.