<< Prentsa oharrak
2018/03/07
Enpresa/kudeaketa

Metro Bilbaok omenaldia egin dio Forgesi eta bere binetak berreskuratu ditu: 'Metroz metro, matxismoari vade retro'

Erakusketa, Bidaiariak

• Martxoaren 8tik aurrera artista horren lanen erakusketa bat egongo da Abando, Moyua eta Santimami/San Mamés geltokietan, 'Metroz metro, matxismoari vade retro' izenburupean.

Bilbo, 2018ko martxoaren 7a.

Martxoaren 8arekin bat etorriz, Emakumearen Nazioarteko Eguna, Metro Bilbao eta JA! Elkarteak bat egin dute eta zendu berri den Antonio Fraguas, Forges, umorista grafikoaren binetak berreskuratu dituzte, metropoli trenaren instalazioetan erakusgai jartzeko. Gizartean hain errotuta dagoen matxismoaren salaketa egin zuen bineta batzuen bidez. Bihartik aurrera 13 panelez osatutako erakusketa bat egongo da Abando, Moyua eta Santimami/San Mamés geltokietan, 'Metroz metro, matxismoari vade retro' izenburupean.

Bineta hauek 2014ko urrian erakusgai egon ziren panelak hartu dituzten barne. Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, Metro Bilbaok aukera eman nahi izan die bezeroei artista bikain honen lanaz berriz gozatzeko. Orduko hartan Forges Bilbora etorri zen “Ja! Bilbao” jaialdian parte hartzeko eta Abandoko erakusketa inauguratu zuen. Metro Bilbaok bereziki oroitu nahi izan du egun hori eta Forges bera Metro Bilbaoren ohorezko liburua sinatzen ari zen unean egindako argazki bat ere gehitu du erakusketan.

Orduan Forgesek onartu zuen erraza dela matxismoa ikuspegi umoristikoaren bidez lantzea, “oso logikoa eta zentzuzkoa baita, ezin da beste inondik hartu”. Gogoratu zuen, umorez, “duela urte batzuk, matxistek beren matxistadak egiten zituztenean, sudurra urdin jartzen zitzaiela". Eta gizonei gomendatu zien goizetan ispiluan begiratzeko, "batzuek beste batzuek baino urdinago izango dugu eta sudurra".

Urtarrileko bidaien balantzea: % 2,02ko hazkundea

Metro Bilbaoko bidaiarien zifra % 2,02 handitu da, 2017ko urtarrilean lortutakoaren aldean. 7.767.425 balioztatze egin dira; aurreko ekitaldian, 7.613.255 izan ziren, beraz, 154.170 bidaia gehiago egin dira aurten.
 
Geltoki erabilienak honakoak izan dira:

•    Zazpikaleak/Casco Viejo: 568.289 bidaia.
•    Indautxu: 563.599 bidaia.
•    Moyua: 561.984 bidaia.
•    Abando: 561.816 bidaia.

Ezkerraldean Barakaldo aipatu behar da bereziki: 314.245 bidaia egin ziren. Eskuinaldeari dagokionez, Areetako geltokia da aipagarriena, 285.831 bidaiarekin.

Urtarrilean erregistratutako zifren arabera, 2017ko ekitaldiaren amaieran zegoen goranzko joera konfirmatu eta sendotu dela esan genezake. Izan ere, aurreko urtean 2016an baino bidaia gehiago egin ziren; % 1,22ko igoera izan zen.
 
Aipatu behar da 2018ko urtarrilean bidaia gehiago erregistratu direla lanegunetan; batez bestekoa baino % 1,44 handiagoa da kopurua. Era berean, larunbatetan eskaera % 2,97 handitu da eta jaiegunetan % 12, batez beste.